2008/06/16

Kometa edo zulo beltza?


Ekainaren 30ean Bilbon Impactos extraterrestres: Tunguska, 100 años después izenburuko hitzaldiak burutuko dira Bidebarrieta Bibliotekako Areto Nagusian 18:00 eta 21:00en artean.

Hiru hizlarik parte hartuko dute: Josep Maria Trigo-Rodríguez astrofisikoak kometen eta asteroideen arriskuaz hitz egingo du, Xabier Orue-Etxebarria paleontologoak inpakturengatiko suntsipen masiboez eta Agustín Sánchez Layega astrofisikoak orain dela 100 urte Siberiako Tunguskan gertatu zen eztanda misteriotsuaz: Tunguskako gertaera.


"1908ko ekainaren 30an goizeko zazpiak inguruan, etxearen kanpoaldean nengoen jarrita. Bat-batean, zerua bitan zatitu zen eta iparraldeko basoaren gaineko zerua sutan hasi zen. Nik bero izugarria sentitu nuen, nire alkandora sutan balego bezala... Momentu horretan eztanda bat entzun zen zeruan... Ataritik 600 metrora bidali ninduen indarrak eta konortea galdu nuen une batez. Danbatekoaren ostean lurrak ikara egin zuen...”

Zientzialariek teoria ugari plazaratu dituzte Tunguskako objektuaren izaerari buruzko proposamenekin. Kometa edo meteoritoa izan zitekeela esan dute batzuek, beste batzuek, berriz, antimateria-arroka bat izan zitekeela, edo espazioan galdutako zulo beltz ñimiño bat.

Gertaera bitxi honi buruzko informazio gehiago nahi izatekotan Zientzia.net-en ondoko web orri honetan irakur daiteke. Hala ere hitzaldiek itxura ezin hobea dute.